Arantzazu Museoa

Aizkorri-Aratz 2006. urtean izendatu zen Parke Naturala. Babesturiko eremua 15.919 hektareaz osaturik dago. Berezko distira duten hainbat altxor barneratzen ditu. Bertan kultura eta natura guztiz elkarloturik agertzen dira. Paisaia kulturalaz jantziriko eta historiaz beteriko espazio naturala dugu hau. Beste batzuen artean artzaintza eta baso ustiaketa dira egun ezagutzen dugun paisaia egituratu duten jarduerarik garrantzitsuenak.

Egun Arantzazun, Parkeko balibide naturalak gehiago ezagutu eta sakondu ahal izateko Arantzazuko Parketxea sortu da. Gandiaga II Topaguneko eraikinean kokaturik dago. Bisitarientzako harrera-gunea izateaz gain Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa ere bada. 500 m2-ko eraikin honetan teknologia berriez hornituriko erakusketa iraunkorra, gela didaktikoak edota euskarri interaktiboak aurkitzen dira.